Ingurumen-jasangarritasuna

Jasangarritasuna gaur egun ditugun beharrei erantzutea da, etorkizuneko belaunaldiek izango dituzten beharrak asetzeko gaitasuna arriskuan jarri gabe. Horretarako, premiazkoa da hazkunde ekonomikoaren, ingurumenaren zainketaren eta gizarte-ongizatearen arteko oreka bermatzea. Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH siglen bidez ere ezagutzen direnak) 2015eko irailaren 25ean onartu ziren. Pobrezia errotik kentzeko, planeta babesteko eta pertsona guztiek bakea eta ongizatea izan ditzaten bermatzeko dei unibertsala dira GJHak. 2030erako ezarritako helburu hauek hamazazpi dira, eta 169 xede ezberdin dituzte.

Karbono-aztarna

‘Aztarna’ zerbaitek –edo norbaitek– uzten duen seinalea da. Karbono-aztarna, berriz, berotegi-efektua eragiten duten gasen igorpenaren ondorioz uzten dugun arrastoa da. Gas horiek giza-jardueraren emaitza dira, eta CO2 tonatan (karbono dioxidoa) adierazten ditugu.